2018(e)ko martxoaren 10(a), larunbata

ARKTIAR KRONIKAK 9. Tundrako izpirituak.





ARKTIAR KRONIKAK 9.

Tundrako izpirituak.
 


Egurrezko borda ireki batean emango dugu gure azken gaua, bide ertzean. Haren ondoan, ontziraleku txiki bat ibai zabal baterako sargunea da, orain izotz pista bihurtua. Bihar, bere ur jelatuen gainean eskiatuko dugu errepidearen bila. Tenperatura asko epeldu da, 0ÂșC-en inguruan gabiltza. Zerua oskarbi darrai, ilunabar ederra eskaintzen digu, eta ondorioz gaua izarpean pasatzea erabakitzen dut. Gaueko 10-ak aldera, irudi sotil, ia ohartezinezko batzuk ortziaren iluntasunean zirriborratzen hasten dira. Minutu batzuetan zehar ez daukat oso argi zer den nire begiradaren aurrean zabaltzen ari dena. Azkenean tundrako izpirituek erabat aztoraturik, nire lozorrotik zeharo esnatu eta lagunei abisua pasatzen diedan arte. Aurora boreala, iparreko argiak. Ia ordu betez, esmeralda koloreko argi-oihal moduko batzuk gure buru gainean elkarri jarraika jolasean arituko dira, bere distira isilean lurralde honen liluraren zati bat laburbilduz.




Artikoa, hain urrun eta hain gertu. Behin etxera itzulita, bizipen hauek gogoratzean, han bizi izandakoa eta egunerokotasunaren arteko kontrastea hain da gogorra, bidaia fantasiazko eremu irrealaren baitan kokatzen zaidala kasik. Eta hala, gogoa eta oroimena zirpildu egiten zaizkit beraien harizpiak haurtzaroko ametsekin nahasiz. Bizitakoa eta amestutakoa bat egin eta elkar aberastu egiten dira. Eta azkenean bizi izandako edertasuna baino ez zait geratzen, munduaren ikuskizun zoragarria. 
Eskerrak Sonia auroraren argazkiagatik
 

Patxi Aiaratik














2018(e)ko otsailaren 28(a), asteazkena

ARKTIAR KRONIKAK 8. Beroketa globala.




ARKTIAR KRONIKAK 8.
Beroketa globala.

Martxo amaieran gaude, Arktiar zirkulu polarra baino 150 km iparralderago. Eta hala ere, tenperaturak epelak dira, 0ÂșC ingurukoak. Eguzkipean pulka arrastaka daramagunean, zamarrak soberan daude, eta termometroak 0ÂșC gainetiko 7Âș edo 8ÂșC-ko pikoak erakusten ditu. Aparteko zerbait al dira hozbero hauek, ala aurrerantzean ohikoak bihurtuko al dira, azeri arruntak azeri artikoa ordezkatuko duen halabeharrezko modu berean? Hartz arreak hartz zuria ordezkatuko duen modu berean, apika, errefuxiatu klimatiko gizagaixo horiek bere azken iraungitzeraino ahituko direlarik…


1961- 1990 denboraldirako, Kirunako aireportuko erregistro historikoek martxorako emandako gehienezko tenperaturak -4.5ÂșC-koak ziren, gutxienekoak -11.8ÂșC-koak, eta bataz bestekoak -8.2ÂșC-koak. Apirilerako, gehienezkoak -0.6ÂșC-koak ziren, gutxienekoak -7.2ÂșC-koak eta bataz bestekoak -3.9ÂșC-koak. Datu horiek, ordea, beroketa globalak eta negutegi efektuko gasek egoera atzeraezinezko moduan alda erazi aurretik izan ohi zen. Egunotan, gure ibilerarekin gabiltzan bitartean, jasaten ditugun tenperaturak bataz besteko historikoak baino hamar bat gradu epelago izaten ari dira. Bai bertakoek, baita datu meteorologikoek ere, gure herrian dagoeneko ezaguna zaigun leloa errepikatzen dute: “Bai, hala da, oraingo neguak ez dira antzina bezalakoak inondik ere … Bai, elurren urtze aldia gero eta gehiago aurreratzen ari da … Tenperaturak leunagoak izaten omen dira, eta loratzea aurreratu egin da ere …” Nahiz eta panorama hau zenbaitetan erabat aldatu, izugarri hotzak diren erauntsien eraginez. Horrela gertatu zen aurtengo (2016) urtarrilean bertan, termometroa -37ÂșC-tara jaitsi zelarik (1942-ren ezkeroztik sekula izandako gutxieneko absolutua). Hori bai gogorra izan behar, hozbero horiekin bizpahiru astebetez eguneroko bizimoduari jarraitzen saiatzea! Horren aldean, guk egiten ari garen ibilaldia umeen jolasa dirudi!



Kontuak kontu, gu barealdiaz baliatu, arropaz arindu eta arrastoan aurrera darraigu. Hainbesteko epeltasunak baditu ordea bere trabak. Gure inguruko magalen estaldura zuriak gero eta soilgune gehiago erakusten ditu. Kezkaz erreparatzen diogu soilguneen etengabeko zabaltzeari, azkenerako magalak biluzik, inongo elurrik gabe agertzen direlarik. Elur nahikorik izango al dugu Nikkaluoktako gure helmugara iritsi ahal izateko? Eskien gainean ari naiz, noski. Oraintxe bertan, batzuetan pista baino ez bait dirau elurrez estalita, txakur-lerek eta elurrezko motoek zapaldutako elur izoztua.



Bidearen albo bietan, lur biluziak mikrokosmos zoragarri bat eskaintzen dio begiradari, orain arte geologi erliebeek eta urruntasunek eratutako paisaiarekin kontrastean. Goroldio eta likenen okre, arre eta gorrixkek, izozteek erretako belar izpiekin, sahats nanoen azalekin eta urkien zuriekin nahasten dira. Zein eder agertuko den tapiz hau uda hasieran, behin loratuta!

Baina oraingoz pista jarraituz aurrera goaz, edo elurrik gabeko aintzira baten azalera zabal izoztua zeharkatzen dugu, gainazaleko beirazko izotza baino ez, zenbaitetan haizeak zizelkatua, zenbaitetan duela asteak edo hilabeteak pasatako basapiztien urratsak bere baitan gordeaz. Harritzekoa, horrela izoztuta ikustea pasatzearen aztarna iheskorra baino izan behar ez zena… Beste batzuetan, urtzeak ur likidozko gainazal axal axalekoa sortu du, behatz bat edo bi sakoneraz, besterik ez. Pulkaren zama bustitzera iritsi ez arren, eskien gaineko ibilaldi luzeen sasoia amaitzear dagoela erakusten du.



Patxi Aiaratik






2018(e)ko otsailaren 17(a), larunbata

ARKTIAR KRONIKAK 7. Geldialdia ibileran.





ARKTIAR KRONIKAK 7.
Geldialdia ibileran.


Geldialdi bat ibileran. Bale ilun baten bizkarraren antzera, olatu zurien artetik arroka biluzia azaltzen da. Ainguratu nahian dabilen ontzia bezalaxe, tundra elurtuaren erdian ageri den elurrik gabeko arrokak erakarri egiten gaitu. Ezagunak zaizkit higadura glaziarraren hain bereizgarriak diren erliebe hauek, Pirinioetan nahiko arruntak baitira. Kontenplazioan eta ibilera bakartian emandako tarte luzeen ondoren, zein atsegina den berriz ere lagunekin elkartzea! Haizeari bizkarra ematen, jatekoa eta edatekoa partekatzen dugu, berriketan aritzen gara. Gure inguruan, bailara mugatzen dituzten magalak gero eta malkartsuago, alpetarrago bihurtzen ari dira. Altuera galtzen ari gara, ordea.   




Apur bat harantzago, urkiak berriz ere agertzen dira, eta magal batzuk elurrik gabe ageri dira, altze eta elur-oreinei sahats-nano eta likenez osaturiko bere bazka eskainiz. Bazekiat Eskandinaviako elur-orein sasi basatiak ez omen direla ikusteko zailak laponiar paisaian. Hala ere, kristoren ilusioa emango dit estreinako aldiz bistaratzeak. Altze eme hori eta bere bi kumeak horrela ikustea, ordea, Kebnekaiseko mendien kontra bere siluetak marrazturik, erabateko ezusteko atsegina izango da. Berriz ere tundra atzean geratuko zaigu, agur elur-erbiak, agur elur-eperrak, Pirinioetan urri eta iheskor diren bezain lasaiak hemen… 



Patxi Aiaratik                                                                                                                                                                                                





2018(e)ko otsailaren 5(a), astelehena

ARKTIAR KRONIKAK 6. Basa-bizitzaren hatsa.



 
ARKTIAR KRONIKAK 6.
Basa-bizitzaren hatsa.

Eskandinaviar tundra eta taigako jatorrizko biztanleen, samien bizimodua eta kultur materiala, elur-oreinaren etxekotzean zeuden oinarrituta. Gaur egun, hauen ondorengoak elur-oreinen artzain izaten darraite, abereak sasoiko transhumantzian laguntzen dituztelarik. Negu garaian, artaldeak taigako inguru baxuenetara eramanak izaten dira, elurte eta haizetetatik erlatiboki babesago, eta gizakien bizilekuetatik hurbilago. Han sasi askatasunezko bizimodua daramate, nahiz eta behar izanez gero bazka gehigarria eskaintzen zaien.

Urtaro aproposean, artaldeak larre garaietara itzultzen dira. Antzina bezala, samiek tundraraino jarraitzen dituzte, sasoia irauten duen bitartean borda multzo txiki batzuetan bizitzen jarriz. Pare bat aldiz, gure ibilerak orain bakarti eta utziak dauden saroi horietara eraman gaitu. Dozena bat egurrezko borda prefabrikatu, portxe txiki batez hornituak, giltzarrapoz itxiak. Haien ondoan, aterpe tradizionalak zutik diraute,  estoiko, gutxi edo asko izorratuta: kupula itxurako etxolak, egurrezko egitura bat tepez, goroldioz eta urki azalez babestua. 


Saroi horiek kokapen ezin hobea izan ohi dute, ur korronteen ondoan eta eguteran. Bordak oinarririk gabe eraikiak izaten dira, lur izoztuaren gaineko euskarri gisara egurrezko habe batzuk dauzkatelarik. Hartara, borda bakoitzaren azpian elurrik gabeko tartetxo bat agertzen da. Inguruko basa-bizitzak egokiera txukun horretaz baliatzen badaki. Aurkitzen dugun arrasto eta urratsen ugaritasun eta aniztasunak, hustutako saroiak lehen begiradan sortutako hondamen sentipena gezurtatzen du.


Negu gorriaren bete betean ere, bizitzaren hatsa ageri da. Marraskari txikiak, beleak, elur-eperrak.., borden azpiko belar zimelez elikatzen dira, arktiar azeriaren erasoak ekiditeko beti erne. Elur-erbiak, gure erbiak baino belarri motzagokoak, tupustean harrapatu nau nire ondoan ikaraturik jauzi egitean. Izozturik ez dagoen errekatxotik gertu (harritzekoa ere), aztarna kopurua are ugariagoa bihurtzen da. Tamaina galantako oinatz batzuk nire jakin mina eragiten dute bereziki. Jatunarenak ote (Golo golo)? Bere hamabost kg-ekin Europako mustelidorik handiena baita.


Baldintza apropos hauetan, basoa ere berragertu egiten da … nahiz eta miniaturazko basoa izan, lurretik metro erdi eskas batera altxatzen diren sahats nanoz osatua.


Patxi Aiaratik